Hasiera   |   Blog   |   MySpace

 



 

Ruaille-Buaille taldea ('rula-bula' ahoskatuta) 2005ean sortu zen, lehenago hainbat taldetan elkarrekin egondako lagun batzuk berriro ere elkartu zirenean, elkar ezagutu zuteneko session giroa berriz gozatzearren. Alabaina, errepertorioa finkatu, landu eta jantzi ondoren, hasierako session-emanaldietatik agertokietara egin zuten jauzi, eta, geroztik, ez dira gutxi penintsulako tokiak euren lana ezagutzeko aukera izan dutenak.

Lehen sasoi hartako lanak lehenengo diskaren grabazioa izan zuen ondorio: /īru:lә `bu:lә/ (pronounced "rula-bula"),  2009an Several Records etxeak argitaratua. Grabazio hartan nabarmen islatzen zen taldearen hasierako joera eta norabidea: irlandar sustraiak erabat nagusi zituen musika akustikoa, musika estilo eta testuinguru horrexetan elkar ezagutu baitzuten taldeko lehen kideek. Garai hartako errepertorioan, gainera, taldeak berak sorturiko kantuetarik den-denak ziren Duncan Bennett taldeko kantariak eginak.

Hala ere, denboraren joanean eta elkarlanaren ondorioz, eskarmentua, zaletasunak eta ezagutza elkarri trukatuta, estilo bere-berezkoa sortuz eta finkatuz joan da taldea. Eta horretan lagungarri suertatu zaizkie, batetik, taldekideen sartu-irtenak ekarri dituen aberastasuna eta instrumentazio aldaketak, eta, bestetik, inspirazio iturri berriak bilatu nahia.

Bilakaera horrek emaitza izan du, taldearen bigarren grabazioa, alegia: Blue Jig (2011n bertan laster-laster argitaratzekoa). Lan horretan argi eta garbi antzematen dira taldearen norabide berria eta bilakaera horrek lagungarri izan dituen aldaketa ez urriak.

Izan ere, hasierako boskotea seikote bihurtu da, baina aldaketa ez da kuantitatiboa izan bakarrik: taldearen estiloa ere aldatu egin da, hasieran perkusiorik ez eta erritmo oinarri apala zuen eskema akustiko hartatik, erritmo oinarri sendoa izatera pasa baita taldea, baxu elektrikoaren tokia finkatu eta bateria sartu eta gero.

Bestalde, Irlandako musika ez da orain taldearen inspirazio iturri bakarra, eta taldearen sormen lanak dira nagusi, beste iturri batzuetatik edanez sorturiko doinuekin apaindurik, hala folk arlokoak (Euskal Herrikoa, Galiziakoa, Balkanetakoa, countrya...) nola beste estilo batzuetakoak (blues, ska...). Era berean, konposizioen egitura aberatsagoa eta landuagoa da orain, hasierako session estilo hartako linealtasunetik urrunago.

Arlo horretan ere, konposizioari dagokionez, alegia, Duncanek sorturiko kantuek nortasuna eta sakontasuna irabazi dute, baina bere piezak errepertorioan oraindik nagusi badira ere, hasi dira agertzen beste taldekide batzuen konposizioak, eta ekarpen hori are eta ageriagoa da piezetako moldaketetan, horretan talde osoak hartzen baitu parte.

Ezin esan gabe utzi lan hori guztia taldeko giro onaren emaitza dela, eta hori agertokian bertan islatzen da, han ere ezin baitute rulabulatarrek euren umore ona ezkutatu, eta, hartara, entzuleei sentiarazi egiten diete aspaldiko session haietako giro lasai eta alaia. Izan ere, urteak etorri, urteak joan, bai... baina mamia ez da gal.

Euskal Herrian kokatuta dago taldea eta sortu zenez geroztik penintsulan zehar ibili da, Portugaletik Aragoiraino eta Euskal Herritik Extremaduraraino. Lehen diskoa 2009. urtean argitaratu dute: “/ru:lə bulə/: Pronounced Rula-Bula” (Several Records - 2009).

 


Diskografia ikusteko



     
info@ruaille-buaille.com  ||   Tel: 657 706 885 - 653 724 956   ||   Landaburu 11 - 7 , 48902 Barakaldo (Bizkaia) Basque Country